Jaume Balaguerok eta Justin Richmondek amaiera bikaina eman diote 'Fun & Serious Game Festival 2011' ekitaldiari


  • 2012-06-13 10:51

Jaume Balaguerok eta Justin Richmondek amaiera bikaina eman diote 'Fun & Serious Game Festival 2011' ekitaldiari Bilbo, 2011ko azaroaren 9an. Gaur gauean amaitu da Bilboko 'Fun & Serious Game Festival' ekitaldiaren lehen edizioa, eta amaiera bikaina emateko, luxuzko bi gonbidatuk parte hartu dute: Jaume Balaguerok eta Justin Richmondek. Guggenheim Museoko Auditorium paregabean, 'Rec' filmaren egilea den zinemagile katalanak, zinemari eta bideojokoei buruzko mahai-inguru batean parte hartu du beste pertsona ezagun batzuekin: Juan Bas, Fabriciano Bayo eta Roberto Serrano.  Bestalde, Richmondek, Gabonetan, salmenta handiak izatea espero duten 'Uncharted 3' bideojokoaren aurkezpen ikusgarria egin du.

Glamourez beteriko atzoko galaren ondoren, bideojokoei buruzko ekitaldi honen bigarren eta azken jardunaldia goizean hasi da, Euskalduna Jauregian, joko serioei buruzko hitzaldiekin.  Gareth Millsek, eragin handiko pentsalariak eta 'Future Lab' erakundearen zuzendari elkartuak, hasierako hitzaldia eman du, ikaskuntzarako teknologiari buruz. Millsek adierazi du, haurrengan, jaiotzetiko sentimendua dagoela teknologiari begira, eta kanpoko eraginik gabe, teknologiara jotzeko gai direla arazoak konpontzeko. Halaber, bere ustez, irakasleek bideojokoen diseinatzaileak moduan lan egin behar dute, neska-mutilei modu atsegin eta dibertigarri moduan ikasten laguntzeko, bideojoko eta beste tresna batzuen bidez.

27 urte, batez besteko adina
Bigarren hitzaldia Carlos Gonzalez Tardonek eman du, 'People & Videogames' enpresaren eta 'Bideojokoei buruzko on line aholkularitza' zerbitzuaren aholkularia denak. Hitzaldia bideojokoei buruz izan da, tresnak moduan erabilita, dituzten ahalmen positibo eta negatiboak kontuan hartuz.  Gonzalez Tardonek bideojokoek hezkuntzan duten garrantzia nabarmendu du, baina jolasarekin lotu du garrantzi hori. Bere ustez, jolastu egin behar da, sormena eta ekimena sustatzeko, huts egiteko beldurra alde batera utziz. Horrez gain, bideojokoak adin guztietan erabiltzen direla azpimarratu du, eta bi adibide adierazgarri eman ditu hori erakusteko:  “Espainian, jokalarien batez besteko adina 27 urtekoa da; Estatu Batuetan, lau jokalarietatik bat, 50 urtetik gorakoa da”.

Gero, Jacqueline Cawstonek, 'Serious Games Institute' erakundeko zuzendariak, "autismoa duten gaixoei bideojokoen elkarrekintza birtualaren bidez laguntzeko" zenbait proiektu aztertu ditu, eta 'Gamifikazioa' ('Gamification', ingelesez), hau da,  "jokoen mekanikak ludikoak ez diren egoera eta testuinguruetan erabiltzea”, "nabarmen handitu" dela azpimarratu du. Hala ere, “gamifikazioa” ikastetxeetan ezartzeko oraindik goiz dela adierazi du.

Flavio Escribanok, 'ARS Games' elkarteko lehendakari eta sortzaileak, “berrikuntzak eta ikerketak hezkuntzan nahiz enpresa-munduan” berebiziko garrantzia dutela nabarmendu du.  Bere ustez, “berrikuntzak porrot asko egitea eskatzen du”, baina “arrakastak oso errentagarriak izan daitezke”.  Escribanok 'Gamestart' proiektuari buruz ere hitz egin du. Bideojokoez baliatuz egindako proiektua da, “gizartetik baztertzeko arriskuan dauden haurrak gizarteratzeko”. “Hezkuntzan orain arte erabili duten joera linealak" ez duela zentzurik frogatu du, haurrek ez dutelako modu linealean ikasten erabiltzen dituzten baliabide berriekin.   Hori dela eta, 'system thinking' edo pentsamendu sistemikoaren alde egin du, haurrak izan daitezen informazio hori nola jaso nahi duten erabakitzen dutenak, askotariko tresnak erabiliz; haien artean, joko serioak.

'Handitutako errealitatearen' aukerak
Bestalde, Nacho Garciak, 'Abylight' erakundeko zuzendari exekutiboak eta “Hezkuntza arloko Europako Joko Seriorik Onenaren” saria irabazi duen 'Afterzoom' bideojokoaren sortzaileetako batek, handitutako errealitateari buruz hitz egin du, “Nintendo DSi kontsolaren kamerak erabiltzen duena, mikroskopio bihurtzeko”.  Garciak, handitutako errealitatearen etorkizun handiari buruz hitz egin du, errealitatea eta irudi birtuala konbinatzen direlako, eta joko serioa izan arren, "Afterzoom, Japonian, Italian edo Alemanian gehien saldu den bideojokoa" izan dela nabarmendu du.

Euskalduna Jauregian arratsaldean egin den lehen hitzaldia Julian Alvarezena izan da. Frantziako "Ludoscience" aholkularitza-enpresan joko serioen aholkulari aditu moduan lan egiten du, eta joko serioek gizartean duten eraginari buruz hitz egin du. Alvarezek, joko serioak ebaluatzen dituen lehen web-orriak (www.seriousgamesopinions.org) lortu dituen emaitzak aztertu ditu. Web orri horretan, “erabiltzaileek, parte hartzeaz gain, iritziak eman eta beren jokoak igo ere egin ditzakete".

Erdi Aroko Dublin
Ondoren, Maurizio Fortek, 'Virtual Heritage Lab' erakundeko zuzendariak eta Kaliforniako Unibertsitatean Munduko Ondarea ikasgaiaren irakaslea denak, munduan zehar, ikerlariek, historialariek eta arkeologoek osatutako bere taldearekin egindako zenbait proiektu azaldu ditu.  Proiektu horietan, datu ugari biltzen dituzte eskultura, monumentu eta bestelako eraikuntza historikoei buruz, hiru dimentsioko eredu birtualak sortzeko. Eredu horiei esker, "hobeto uler daitezke eraikuntza horiek, eta, batzuetan, beste interpretazio bat ere egiten da".  “Beraz, ezagutza berriak lortzen ditugu, eta kultura, beste modu batera igortzen diegu etorkizuneko belaunaldiei”, joko serioen bidez.

Bestalde, Daniel Pletinckxek, "Visual Dimension" konpainiako zuzendariak, "bideojoko serioen teknologia museoetan erabiltzea oso garrantzitsua" dela azpimarratu du. “Hiru dimentsiotan digitalizatzea eta freskoak, eskulturak eta eraikuntzak birtualki berregitea, oso erabilgarria izan daiteke museoetarako eta museoak bisitatzen dituzten pertsonentzat”, adierazi du.

Azkenik, Breffni O'Malleyk, “Kultura arloko Eurokopako Joko Seriorik Onenaren” saria irabazi duen 'Medieval Dublin' bideojokoaren sortzaileetako batek, bideojoko horri buruz hitz egin du: “Esperientzia interaktiboa da, Irlandako hiriburuak 818. urtetik (herrixka bat baino ez zenean) 1540. urtera arte (dagoeneko tamaina handiko hiria zenean) izandako bilakaera erakusten duena".  O'Malleyren ustez, "'Medieval Dublin' bideojokoari esker, Dublingo biztanleen bizimodura eta ohituretara ohitzen dira jokalariak, haren historiaren bidez", zenbait alderdi sozio-ekonomiko sakonduz.

Zinema eta bideojokoen zikloa
Gauean, Guggenheim Museoko Auditoriumean egindako bi ekitaldi garrantzitsurekin bukatu da 'Fun & Serious Game Festival'. Lehena, zinemari eta bideojokoei buruzko mahai-ingurua izan da. Besteak beste, hauek parte hartu dute: Jaume Balaguerók, “Rec” eta duela gutxi estreinatu den “Mientras duermes” filmen egilea den zinemagile katalanak; Fabriciano Bayok, PSP kontsolarako “Cars 2” bideojokoa garatu duen, eta 'Pixar' konpainiaren laguntza eta gainbegiratzea duen 'Virtual Toys' konpainiako zuzendariak; Roberto Serranok, , zineman aterako duten 'Dead Island' bideojokoa egin duen 'Koch Media' konpainiako produktu-buruak; Juan Basek, idazle eta gidoilariak eta Alfonso Gómezek, 'Fun & Serious Game Festival' ekitaldiko zuzendariak.

Balaguerok, askotan, bideojoko bat zinemara eramatean, pasioa falta dela adierazi du. Zinemagilearen ustez, “joko bat ezin daiteke inoiz guztiz moldatu; argumentua egokitu daiteke, baina erabiltzaileen inplikazioa eta jokalarien esperientzia bera ezin dira zineman islatu”. Lleidakoak “zuzendarien belaunaldi berriari” buruz ere hitz egin du. Berari gertatzen zaion moduan, "badago jendea, 40 urte baino gehiago izan arren, bideojokoen zale amorratuak dena", eta "bideojoko bat egitea" asko gustatuko litzaiokeela esan du.

Juan Bas idazleak ziurtzat jo du literaturak ekarpen handia egin diezaiokeela bideojokoen munduari, eta krisi ekonomikoa egon arren, “krisi kulturalik” ez dagoela adierazi du, “beti egon direlako kalitate txarreko produktuak”. Fabriciano Bayok, gaur egun, bideojokoen sektorea zinemaren sektorearen aurretik dagoela esan du, “eredua ezarri eta gai berriak sortzen dituelako”.  Hala ere, bere ustez, “feedback prozesua dago bi mundu horien artean, eta positiboa izan daiteke hori". Azkenik, Roberto Serranorentzat, "kontsolek izan duten bilakaerari esker, zinemara hurbildu egin dira", eta, horrek, "duela zenbat urte baino askoz ere jokalari gehiago egotea ekarri du".  Balaguerorentzat bezala, zenbait profesional bi diziplinetan aritzea normala da Serranorentzat:  “Zuzendari batek film bat zuzentzen badu, zergatik ez du zuzenduko bideojoko bat?”.

'Uncharted 3: Drake's Deception'
Justin Richmondek amaiera eman dio ekitaldiari, atzo, “Europakoa ez den bideojokorik onenaren saria” irabazi zuen 'Uncharted 3' bideojokoari buruz egindako hitzaldiarekin. Nathan Drakeren abenturen hirugarren bertsioaren zuzendaria dugu Richmond, eta Gabonetan, ziur asko, salmentarik gehien izango duten bideojokoetako bat izango denaren arrakastaren gakoak azaldu ditu.  Bideojokoaren benetako hainbat eszena erakutsi ditu bideo batean, eta gogoratu du “animazio bakoitzaren atzetik, lan handia” dagoela. Bestalde, “taldeko kide guztien laguntzarik gabe”, bideojoko hori ez litzatekeela egongo adierazi du.

'Uncharted 3' bideojokoa sortzeko prozesua azaltzeko, zuzendariak zenbait irudi erakutsi ditu, benetako aktoreak lanean ari zirela "motion capture" (mugimenduak atzematea) teknikaren bidez, eta esan du, “jokoaren arrakastaren arrazoietako bat" haiek direla.  Horrez gain, jolastearen esperientzia ”guztiz immertsiboa” izatea, erabiltzailearentzat, ez dela eragozpena adierazi du, eta pozik agertu da bideojokoaren pertsonaien eta elementuen errealismoarekin eta haien artean lortutako elkarrekintzarekin, izan ere, horri esker, “dena askoz ere sinesgarriagoa da erabiltzaileentzat”.  Azkenik, bertaratutako publikoaren galderari erantzunez, Richmond pozik agertu da berriz, jende askok “Indiana Jonesekin” parekatzen duelako bere bideojokoa, eta argitu du, 'Uncharted 3' bideojokoa, lan horretan oinarritu dela, baina baita beste iturri askotan ere, hala nola filmetan, liburuetan, gaur egungo eta 30eko eta 40ko hamarkadako komikietan".

HP intel